Aurrerapenak, ezinbestean, bilakaera prozesu orok berekin dakartzan kontraesanak kudeatzea eskatzen du eta horrek erakundeen eta pertsonen eguneroko jardueretan paradoxekin bizitzera eramaten gaitu. Paradoxak berrikuntza prozesuetan bizi dira eta benetako pizgarriak dira orain arteko testuinguruak zalantzan jartzeko, beste ikuspegi batzuk ekartzen baitizkigute. Gainera, ikuspegi berriak orain txertatzea, krisi garaian, inoiz baino garrantzitsuagoa da. Izan ere, berrikuntzari argi ematen dion krisiak berrikuntza bera irensteko mehatxua ere egiten du, Saturno jainkoak bere seme-alabak irensten zituen bezala. Paradoxek, beraz, berrikuntza aktibatzera eraman behar gaituzte, ez desaktibatzera.