Euskal Garapen Ereduaren Etorkizuna ELEKTORALISMOA, BENETAKO MINBIZIA

Euskal Garapen Ereduaren Etorkizuna

ELEKTORALISMOA, BENETAKO MINBIZIA

1.      Azken batean, alderdi politikoen jarrera eta estrategiek zuzenean baldintzatzen dute erakunde politikoen jarduera-esparrua, bai gobernuen aldetik, bai eta haien oposizio politikoaren aldetik ere.
2.      Hori dela eta, bereziki kezkagarria da euskal indar politikoek azken urteotan izan duten desitxuratze elektoralista nabarmena. Izan ere, euskal politika ekonomikotik ikuspegi estrategikoa desagerrarazten ari da desitxuratze hori, eta gure betiko garapen-eredua desegiten ari da, maila kezkagarriraino.
3.      Alderdi politikoek hauteskunde-sentsibilitatea izatea saihestezina da, eta guztiz logikoa da, jakina. Baina hauteskunde-sentsibilitate horrek bateragarria izan behar du beti euskal ekonomiarentzat eta gizartearentzat ona eta txarra denari buruzko ikuspegi ideologikoa izatearekin, hauteskunde-apustuetatik harago. Ez gara planteatzen ari, noski, koherentzia ideologikoak ikuspegi edo sentsibilitate elektorala desagerraraztea. Gakoa da biak batera egotea zentzuzko proportzioan.
4.      Arazoa da, erritmo bizian, hauteskunde-tresna huts bihurtzen ari direla euskal alderdi politikoak. Horrek esan nahi du ikuspegi estrategikoa bigarren mailan kokatzea  politika ekonomikoetan – bai gobernukoetan, bai oposiziokoetan– eta, aldi berean, alderdiak komunikabideen zerbitzura jartzea.
5.      Hedabideei itsu-itsuan men egitea larria eta kaltegarria da edozein testuingurutan, baina are gehiago Euskal Herrian. Jakina denez, elite oligarkikoek edo Euskal Herritik kanpo kokatutako enpresek kontrolatzen baitituzte hedabide horiek %80an. Horrek distortsio nabarmenak eta etengabeak sortzen ditu komunikabideek zabaltzen eta baloratzen dutenaren eta euskal ekonomiaren behar objektiboen artean. Baina alderdi politikoek onartu ohi dute hedabideek definitzen dutela zeintzuk diren gaurkotasun ekonomikoko gaiak. Eta, bide batez, zeintzuk diren, gai horiek bideratzeko orduan, ezkerreko, eskuineko edo zentroko ikuspegiak. Beraz, alderdiek onartzen dute ere horiek eta ez beste batzuk direla hauteskunde-prozesuetan kontuan hartu beharreko gaiak.
6.      Arazoa da "hauteskundeen aurreko" jarrera horiek egiturazkoak bihurtu direla eta alderdi politikoen dinamika osoa baldintzatzen edo determinatzen dutela hauteskunde-prozesuen barruan eta kanpoan.
7.      Arazoak ez du konponbide errazik. Neurri handi batean, alderdi politikoen egitura-ahulezia gero eta handiagoaren ondorio delako. Afiliatuen oinarri eta kuota txikiagoekin, hauteskunde-kanpainak, kargu publikoak eta alderdiko barne karguak gero eta gehiago daude hauteskundeen emaitzen –edo enpresarien laguntzen- mende. Alderdi politikoetako zuzendaritzentzat, dinamika hori itsu itsuan jarraitzea tentagarria da.
8.      Teorian, alderdi politikoen barne-indarrak berak orekatu beharko luke gure garapen-eredua suntsitzen ari den hauteskundeekiko grina hori. Baina datu objektiboek ez digute uzten alde horretatik baikor izaten.