Europako Garapen Ereduaren Etorkizuna KAPITAL-EKARPENA ETA LANGILERIK GABEKO LANTEGIAK

Europako Garapen Ereduaren Etorkizuna

KAPITAL-EKARPENA ETA LANGILERIK GABEKO LANTEGIAK

1.     Dagoeneko azaldu dugu "langilerik gabeko enpresen" eredu teorikoaren analisiaren interes kontzeptuala, automatizazio- eta errobotizazio-eredu intentsiboen etorkizun hipotetiko gisa, eta automatizazio-prozesu horiek une honetan edo etorkizunean -epe ertain eta luzean- enpresaren kapitala eta lanaren kokapenean duten eragina identifikatzeko.
2.     Langilerik gabeko fabrikak soldatapeko langilerik gabeko eta kapital-intentsitate handieneko eredu teorikora garamatza. Enpresa horiek sortutako balio erantsia zero ingurukoa izango litzateke, eta – hipotesi arrazoizkoenean – kapital-inbertitzaileak berak egindako lana izango litzateke balio erantsi hori, hau da, inbertsioen analisia eta enpresaren jardueraren gainbegiratzea (baina ez langileen ikuskapena).
3.     Hala ere, badakigu kapital ekarpenak ez duela balio erantsirik sortzen, baina helmuga batetik bestera eskualdatzen du. Merkatuak produktu eta zerbitzuen prezioetan aitortu dezake enpresa edo sektore jakin batean egindako balio-ekarpen hori, kapitalaren jatorrizko helmugatik edo enpresatik kenduta.
Horri esker, beste urrats bat eman dezakegu "langilerik gabeko lantegiek" sortutako egiturazko testuinguruaren zehaztapenean.
4.     Alde batetik, lantegi horiek balio erantsia ez sortzearen kontzeptua aplikagarria izango litzateke soil-soilik ulertzen badugu soldatapeko langilerik gabeko fabrikak ez ezik, "lanik gabeko fabrikak" ere izango liratekeela, zeinetan enpresaburuaren/inbertitzailearen inbertsioak aztertzeko eta gainbegiratzeko funtzioak ere nolabait automatizatuta egongo liratekeen eta ez luketen inolako ahaleginik edo giza jarduerarik beharko. Baina badirudi hori enpresen egungo automatizazio- eta errobotizazio- prozesuak areagotze hutsetik harago doala. Horrela, soldatapeko langilerik gabeko enpresa baten etorkizuna onargarria izango litzateke eredu teoriko horretan, baina inbertitzaile kapitalistak aipatu dugun gutxieneko lan-ekarpena eginda.
5.     Baldintza teoriko horietan, zero inguruko balio erantsia duten enpresak aurkituko genituzke, inbertitzaile kapitalistaren gutxieneko lan-ekarpen horren neurrikoa.
6.     Hala ere, horrek ez du esan nahi inbertsio kapitalistaren logika berehala desagertuko denik. Enpresa horiek eskaintzen dituzten produktu eta zerbitzuen prezioan, enpresariaren lana ez ezik, nahiz eta merkatutako sortutako baliorik ez onartu, bai onar dezakeela "ekarritako" balioa, kapitalaren inbertsioaren bidez beste helmuga batzuetatik eskualdatuta.
7.     Hasiera batean, soldatapeko langileak erabat alde batera utzita erabat automatizatzen den lehen enpresak errentagarritasun diferentziala lor lezake, eta merkatuak sektore osoko lan-ekarpenaren ohiko beharren arabera aitortuko luke errentagarritasun hori. Ondasunak edo zerbitzuak automatizazioaren ondorioz beren lehiakideek baino kostu txikiagoan ekoiztean, "langilerik gabeko" lehen enpresak logika "kapitalista" izateaz gain, errentagarritasun diferentzial erantsia lor lezake.
8.     Bigarren fasean, lehiakideek, merkatuak presionatuta, kostuak murriztuko lituzkete erabateko automatizazio horretarantz hurbilduz. Hori egiteko aukera emango liekeen inbertsioa errentagarri bihur liteke merkatuan, ez enpresa horiek sortutako balio erantsiaren arabera, zeina ia zero izango bailitzateke sektore osorako, baizik eta kapital-ekarpen horiek enpresa haietara eramandako balioan oinarrituta.
9.     Horrek esan nahi du, eredu teoriko honetan, inbertsio kapitalistaren logikari eutsi ahal izango litzaiokeela "langilerik gabeko enpresen" eredua sektore bakar batean mantentzen den bitartean. Sektore horretako enpresetan ez litzateke ia balio erantsirik sortuko, baina merkatuak kapital-inbertsioengatik lekualdatutako balio erantsiaren ekarpena ordain lezake.
10.  Hala ere, inbertsio horien logika "kapitalista" desagertu egingo litzateke, "langilerik gabeko enpresen" eredua ekoizpen-sareko sektore gehiagotara hedatzen den heinean. Balio erantsia ez sortzeak gero eta zailagoa egingo luke merkatuak ekonomia osoan balioa sortzea aitortzea. Inbertitzaile batzuen mozkinak beste batzuen galeren kontura bakarrik lortuko lirateke.
11.  Azken buruan, "soldatapeko langilerik gabeko enpresen" eredua orokortzean, enpresa horietan, batez beste, inbertsioen hautaketari eta jardueraren ikuskapenari dagokienez, inbertitzailearen lan-ekarpena aitortzera joko luke merkatuak, eta, azken batean, langile autonomo kualifikatu gisa ordaintzera. Egoera teoriko hori, itxuraz, bateraezina litzateke inbertsio kapitalistaren ereduarekin. Eredu teoriko horretara hurbiltzen gaituzten inbertsioak, aurreikuspenen arabera, gero eta gutxiago izango lirateke inbertsio kapitalistak eta gero eta gehiago kooperatiba-inbertsioak eta, azken finean, inbertsio publikoak.