Gizarte Ekonomia eta Kudeaketa Publikoa JUGOSLAVIAKO AUTOGESTIOAREN GARRANTZIA

Gizarte Ekonomia eta Kudeaketa Publikoa

JUGOSLAVIAKO AUTOGESTIOAREN GARRANTZIA

1.      Jugoslaviako enpresa-autogestioaren ereduak aparteko eragina izan zuen korronte ideologiko sozialistetan -eta, zalantzarik gabe, kooperatibismoaren eta gizarte-ekonomiaren eremuan- 90eko hamarkadara arte. Erregimen sozialista autogestionarioaren desagerpena bereziki gatazkatsua izan zen. Europako ekialdeko beste herrialde batzuetan bezala, eredu politiko eta sozioekonomikoaren aldaketarekin amaitu zen, jakina. Baina Jugoslavia bera ere desagertu egin zen, eredu hori garatu zen estatua. Eta desagertze hori, herrialde guzti hauetako modurik traumatikoenean gertatu zen, gerra gatazka jarraitu baten bidez, bata bestearen atzetik Jugoslaviako estatuko antzinako zenbait eskualde suntsitzera eraman zuena.
2.      Logikoa denez, sistema eraitsi izanak esplikatzen du Jugoslaviako autogestio-ereduaren prestigio-galera, baina partzialki bakarrik. Izan ere, ikuspegi analitikotik begiratuta, interes politiko, sozial eta ekonomiko handiko esperientzia historikoa da.
3.      Interes hori bereziki garrantzitsua da kooperatiben eta gizarte-ekonomiaren esparruan. Egia da Jugoslaviako enpresa autogestionatuak ez zirela juridikoki Estatuarekiko independenteak, baina haien autonomia-mailak berezko dinamika sozial eta ekonomikoak sortu zituen Jugoslavian, bai maila mikroekonomikoan bai makroekonomikoan, ekonomia "kooperatibizatuan" gerta zitekeenarekin argi eta garbi lotuta.
4.      Antolamenduaren ikuspegitik, Jugoslavian autogestionatutako enpresen, lan-kooperatiben eta lan-sozietateen arteko identifikazioa, printzipioz, oso altua da. Langileak batzar nagusietan biltzen dira eredu horietan guztietan. Eta beren ordezkaritza "langile-kontseilu" baten esku uzten dute, gure ereduetan "kontseilu Errektore" edo "administrazio-kontseilu" deitzen dena. Guztietan dago zuzendari edo kudeatzaile bat eta, normalean, "zuzendaritza-kontseilu" bat.
5.      Alde nabarmena da, noski, Jugoslaviako sistemako langileen ordezkaritza ez dela enpresaren titularra. Titulartasun hori erakunde publiko bati dagokio – tokikoa edo eskualdekoa –, nahiz eta langileen ordezkaritzak gaitasun handia duen enpresen kudeaketa operatiborako, lanaren auto-antolaketarako, ordainsarien ezarpenerako, soberakinak esleitzeko, etab.
6.      Jugoslaviako enpresa autogestionatuen autonomia mugatu horretan paralelismoak bilatu nahi baditugu, agian enpresa-taldeetan integratutako lan-kooperatiben autonomia-mailarekin aurki ditzakegu. Baita hurbileko finantza-erakundeek enpresa horiengan duten pisu estrategikoan eta eraginean ere. Funtsezkoa izan da hori Jugoslaviako ereduaren enpresa-estrategiak ulertzeko, bai eta gure lan-kooperatiben hainbat urteetako estrategiak ulertzeko ere.
7.      Konparazioak harrigarriak izan daitezke. 70eko hamarkadako erreforman, langileen elkartzearen oinarrizko boterea maila apalago batera aldatu zen, enpresatik "oinarrizko lan elkartuzko unitatera". Unitate hauek tailer edo ekoizpen-kate berean parte hartzen zuten langileak lotzen zituzten. Hedapen zabaleko azken hamarkadetako kooperatiben erreforma-mugimenduen ("Irizar eredua" adibidez) oinarri izan ziren printzipioekiko antzekotasunak nabariak dira.
8.      Jugoslaviako sistemaren bilakaeran harrigarriak izan ziren bai 60ko hamarkadako arrakasta, bai eta 80ko hamarkadako geldialdia ere. Bi aldiak ia bat datoz eredu sobietarraren bilakaera ekonomikoarekin, nahiz eta bi ereduen hedapena eta geldialdia – dirudienez – funtsezko arrazoi desberdinen ondorioz gertatu.
9.      Jugoslavian bertan, 80ko hamarkadan, autogestioa, gero eta gehiago, eredu kooperatibora hurbildu behar zela uste zuten hainbat eragilek. Hala ere, eredu zentralizatuen ikuspegitik, Jugoslaviako autogestioak porrot egin zuen, hein handi batean, enpresen gehiegizko autonomiaren ondorioz. Horrek esplikatzen zuen, itxuraz, inbertsio produktibo eskasa edo enpresen gehiegizko sakabanatzea. Batzuetan, eskubideen eta erantzukizunen arteko egokitasun eskasa aipatzen zen, eta horrek soldata-igoeretarako joera handiegia sortzen zuen.
10.  Jugoslaviako ereduaren funtsezko arazoetako bat estatuaren kontrapuntu aski aktiborik ez izatea izan zitekeen. Hori Jugoslaviako estatuaren ahuleziarekin lotuta zegoen ziurrenik. bertan autogestioaren printzipioa esparru politikoan ere aplikatu zen, tokiko eta eskualdeko erakundeei botere handiena emanez. Finantza-ekimen handia duen eta erabaki estrategikoak hartzeko gaitasuna duen estatu batek zenbait enpresa eta sektore indartu zitzakeen. Autogestionatutako enpresekin batera, kapital-mikroenpresak indartsu ziran Jugoslavian, eta, seguruenik, lidergo politiko argia zuen hirugarren sektore baten kontrapisua funtsezkoa izango zen sistemaren desorekak konpentsatzeko.
11. Edonola ere, Jugoslaviako esperientzia autogestionarioak aparteko informazioa ematen digu autogestionatutako, kooperatibizatutako edo gizarte-ekonomiako ereduen hedapenak gizartean eta makroekonomian izan dezakeen eraginari buruz.