Gizarte Ekonomia eta Kudeaketa Publikoa KOOPERATIBEK EZ DITUZTE SOLDATAK JEISTEN

Gizarte Ekonomia eta Kudeaketa Publikoa

KOOPERATIBEK EZ DITUZTE SOLDATAK JEISTEN

1.     Ohikoa da kooperatibek euskal ekonomian duten pisu kualitatiboak eztabaida sozioekonomikoa desitxuratzea. Askotan gertatzen da hori ekonomia kooperatiboaren %10ean aplikatutako kontzeptu eta teknikak ekonomia kapitalistaren %90ari behar ez bezala aplikatzeagatik.
2.     Horixe gertatu da berriro ere azken egunotan, Eusko Jaurlaritzako goi-kargudun batek kaleratzeak saihesteko soldatak murriztea komeni dela adierazi ostean, COVID-19k sortutako krisiaren aurrean Euskal Herrian irekitako eztabaidaren testuinguruan.
3.     "Kooperatibek" edo "kooperatiba batzuek" "soldatak murriztea" erabaki dutela aipatzea, langileentzat eta sindikatuentzat adibide ona delakoan, zentzugabeak dira, argi eta garbi.
4.     Kooperatibek ez dituzte soldatak jaisten, kooperatibetan ez dagoelako soldatarik. Teknikoki, bazkide-langileek hilero jasotzen dituzten ordainsariak "aurrerakinak" dira. Eta hau ez da hitz hutsa. Izan ere, hilero kobratzen badira ere, ordainsari horiek ez dira soldatak, mozkinak baizik. Zehazkiago, azken onuraren "konturako aurrerakinak".
5.     Kooperatiba-enpresaren titular diren aldetik, bazkide-langileak enpresa horrek sortutako aberastasunaren azken hartzekodunak dira. Merkatuaren bilakaeraren ondorioz, kooperatibek edo kooperatiba-taldeek hileko aurrerakinak igotzea edo jaistea erabakitzen dute, baina horrek ez du zerikusirik erabaki horrek enpresa kapitalistetan duen esanahiarekin. Kooperatibek hileko aurrerakinak murrizten dituztenean, jaso gabeko kopurua urteko soberakin handiagoa bihurtzen da, eta, beraz, urte bereko emaitzen banaketan edo hurrengo urteetako aurrerakinetan edo emaitzetan parte hartzeko aukera handiagoa izaten da.
6.     Honek ez du zerikusirik enpresa kapitalistetan gertatzen denarekin. Enpresa horietan, aberastasuna langileengandik kapitalaren inbertitzaile/titularrengana aldatzea dakar soldatak jaisteak. Une horretatik aurrera, uko egite horrek etorkizuneko egoera hobetzeko balio duen ala ez enpresaburuaren beraren erabaki askearen esku geratuko da, Eta, dakigun bezala, balio erantsiaren banaketan langileen interesak eta enpresariarenak kontraesankorrak dira.
7.     Kontua ez da soilik soldata-murrizketa horren zenbatekoaren kontrola galtzea, baizik eta noren esku uzten den. Kasu honetan, enpresaburuaren eskuetan. Enpresariaren aberasteko aukerak soldaten eustearen edo murriztearen mende baitago zuzenean. Interes komunak egon daitezkeela agerikoa bada ere, soldata zenbat eta baxuagoak izan, orduan eta gehiago irabazten du enpresaburuak. Horregatik, soldatapeko langileek ez dute inoiz soldata-murrizketarik onartu behar merkatuan sortutako zailtasunen ondorioz, guztiz itundutako eta bermatutako kontrapartida batzuekin ez bada.