Adimen Politiko eta Estrategikoa GIZARTE ZIBILA AKTIBATZEA SISTEMA DEMOKRATIKOAREN OINARRI GISA


1.     Gizarteak ez dituzte eraikitzen ez egitura fisikoek ez arauek. Onerako edo txarrerako, pertsonek eraikitzen dituzte. Eta horixe bera gertatzen da sistema demokratikoarekin. Demokrazia baten funtzionamendua eta errealitatea dagokion konstituzioak edo lege-egiturak diotenaren arabera aztertzea ez da nahikoa, argi eta garbi.

2.     Demokrazia "Herriaren gobernua" besterik ez da. Hitzez hitz eta materialki. Eta egoera hori gertatzea legezko baieztapenetatik askoz haratago doa. Hauteskundeak, erreferendumak eta politikan parte hartzeko mekanismoak herri-borondatea adierazteko tresnak dira, baina berehala indargabetzen dira herritarrek beren eskubide eta interesak defendatzeko orduan jarrera pasiboa hartzen badute eta bozketa egin arte itxarotera mugatzen badira.

3.     Hauteskunde-mekanismoez gain, sistema demokratikoak etengabe aktibatu edo dinamizatu behar du gizartea, lege-tresnak edukiz bete daitezen eta benetan herri-borondatearen eta interes orokorren tresna izan daitezen.

4.     Normalean, alderdi politikoei egozten diegu gizartea dinamizatzeko eginkizun hori. Baina irizpide hori oso mugatua da. Bistan denez, alderdi politikoek funtsezko eginkizuna betetzen dute herritarrak hauteskunde-prozesuetara bideratzeko orduan. Hala ere, alderdi politikoen eginkizuna bera gizartearen dinamizazio-prozesu baten mende dago, eta prozesu hori alderdien beraien euskarri bihurtzen da.

5.     Alderdi politikoak ez badira gizarte-dinamizazioko ehunean oinarritzen, berehala uzten diote masa-partiduak izateari – noizbait izan zirenak – eta koadro-partiduak bihurtzen dira. Bilakaera horren ondorioz, herritarren interes orokorrak ordezkatzeari uzten diote talde burokratiko txiki baten edo enpresa-intereseko taldeen interesak ordezkatzen hasteko.

6.     Gizarte-dinamizazioa ez da, noski, alderdi politikoetara mugatzen. Herritarren partaidetza soziala banaka ere aktibatzen da kasu batzuetan (adibidez, adituen edo analisten kasuan), eta beste gizarte-egitura ekonomiko, asoziatibo, sindikal eta abarren bidez ere. Alderdi politikoen dinamizazioa bera eta –enpresen interesen ordez- interes orokorren aldeko alderdien jarrera lotuta egon da maiz horrelako gizarte-egiturekin, ez soilik beren afiliatuen oinarriarekin.

7.     Herritarrak era eta egitura desberdinetan antola daitezke, baina gizarte-dinamizazio mota hori ezinbestekoa da sistema demokratikoaren funtzionamendurako. Hori gabe, komunikabideak, alderdi politikoak eta, arian-arian, Estatuaren egiturak pixkanaka erortzen dira interes korporatiboko taldeen eraginpean. Interes-talde horiek, enpresa handien ahalmen ekonomikoan eta eraginean oinarrituta, oso erraz antolatzen dira gizarte demokratikoaren egituretan eragiteko. Sarritan, ez dute inolako antolaketarik behar, korporazio handi bakar baten boterea, berez, nahikoa izan baitaiteke eragin erabakigarria izateko.

8.     Horrela, gizarte zibila aktibatzea ezinbesteko baldintza da edozein herrialderen errealitate eta bizitasun demokratikorako. Askoz gehiago, jakina, helburu horri jaramonik egin ez eta, okertuta, Estatuko erakunde handiak, beren kabuz, demokraziaren bizitasuna mantentzeko gai direla uste izan duten herrialdeetan.


Adimen Politiko eta Estrategikoa-ri buruzko beste idatzi batzuk

EKAI Center-en beste idatzi batzuk