TELEGRAM:
https://t.me/euskarri
|
Hainbat arrazoi direla medio, demokrazia parlamentarioaren oinarri diren
alderdi politikoek eta gizarte ekimenek sakoneko berpiztea behar dute gure
gizarteen biziraupena ahalbidetzeko. Sistemaren egiturazko osagai batzuekin
batera -alderdien eta gizarte ekimenen finantzaketa edo komunikabideen
kontrola- faktore etiko eta psikologikoak ere funtsezkoak dira alderdien eta
gizartegintzaren sistema eta, horrekin batera, egitura demokratikoa bera
birsortzeko.
Erronka horiek lotura zuzena dute erakunde sozial eta politikoetako
militantziaren edo bazkidegoaren kudeaketarekin. Ohikoa da erakunde hauek, alde
batetik, afiliazioa mantentzeaz eta handitzeaz arduratzea, eta, bestetik
–zenbaitetan-, afiliazioaren prestakuntza teknikoaz edo ideologikoaz ere. Ez da
hain ohikoa alderdiak edo gizarte erakundeak alderdi etikoak, moralak edo
bazkidegoaren konpromiso eta balioak kudeatzeaz arduratzea. Eta, hala ere, epe
ertain eta luzera garrantzi handiena dutenak dira, zalantzarik gabe.
Ustelkeria politikoarekin batera, militantzia politikoaren ospea galtzea
izan da, ziurrenik, alderdi politikoek gure inguruan duten irudia hondatzeko
funtsezko faktoreetako bat. Baina alderdietatik haratago doa erronka.
Eszeptizismo moralaren eta erlatibismo desmobilizatzailearen hamarkadek gero
eta mesfidantza handiagoa sortu dute gizarte ekimenean oinarritutako egitura
guztien aurrean.
Egoera horren aurrean, zerumuga moral argiari eutsi behar diote eragile
sozial eta politikoek, ez bakarrik bere helburu ideologiko edo estrategikoetan,
baita erakundearen eraketan eta, bereziki, bere afiliazio edo bazkidegoaren
kudeaketan ere.
Alde batetik, zuzena da ziur aski gizarte erakundeak bazkide bakoitza bere
gain hartzeko prest dagoen konpromiso-maila malgutasunez kudeatzen saiatzea.
Horrek esan nahi du, lehenik eta behin, ulergarria dela gutxieneko
bazkidetze-konpromisoa onartzea, baita bazkideari ordaintzea dagozkion kuotak
kasu bakoitzari egokitzea ere.
Baina erakunde sozial eta politiko gehienak, jakina, ezin daitezke
gutxieneko konpromiso-maila horrekin lasai geratu. Erakunde askok bazkide
aktiboen kolektibo esanguratsua behar dute, eta horiek izan ohi dira bere
jarduera sozial eta politikoaren funtsezko oinarria.
Zentzu horretan, gizarte-erakundeek gainditu behar duten lehen tentazioa
erlatibismoa da. Alderdi politikoek batez ere, eraginkor eta konprometituak
izan ahal izateko, militante eraginkor eta konprometituak behar dituzte. Eta
helburu hori lortu nahi bada, erakunde horiek berariaz beren bazkideen
konpromisoaren alderdi etiko eta moraletan prestatzeko estrategiak eta lan
ildoak ezarri behar dituzte.
Gizarte ekimen bakoitzaren garrantziak eskatzen duen erantzukizunaren
arabera jokatu behar dute herritarrek. Militante politikoak bereziki, jarduera
politikoak erantzukizun handia duela jakin behar du. Eta jakin behar du zein
neurritan hartu behar duen bere gain nolabaiteko
bizi-konpromiso bat, intentsitate handiagokoa edo txikiagokoa. Ahaleginaren
etikan, gizarte-baloreetan eta, azken batean, konpromisoaren etikan
oinarrituta.
Horrek eskatzen du bere burua prestatzeko konpromisoa, lan politiko edo
sozialean ahalegintzeko konpromisoa, erantzukizunak onartzeko konpromisoa eta
erantzukizun horiek modu etikoan eta konprometituan kudeatzeko ahalegina ere.
Erlatibismoaren etika konpromisoaren etikarekin ordezkatzea, beraz,
funtsezkoa da erakunde sozial eta politikoen bazkideentzat eta, zeharka,
erakunde berarentzat ere.
TELEGRAM:
https://t.me/euskarri
|