TELEGRAM:
https://t.me/euskarri
|
Euskal gizarte zibila berrindartzen hasteko beharra igartzen da hainbat
arlotatik. Betiko erakundeen heldutasunak/nekeak alde batetik, erakunde eta
egitura berrien faltak bestetik eta, azkenik, hutsune horiek bete behar
zituzten eragile sozial eta politikoen ahuleziak, argi utzi dute euskal gizarte
zibila berpizteko beharra (nahiz eta, azken urteotan sortutako mugimendu
berrien ondorioz, gure kide batzuk baikorrago azaldu). Gizartegintzaren bidez
herritarrak dinamizatzea, berez, herritarren beraien interes orokorraren babesa
eta sustapenaren oinarria eta bermea da.
Gizarte-erakundeen beraien ahultzearekin batera, neurri batean, indar
politikoen ahultzearen ondorioa izan da ere gizarte zibilaren dinamismo-galtze
hori. Alderdi politikoei, lehen baino askoz zailago egiten zaie jende berria
afiliatzea edo esparru berrietatik elkarlanerako prest egon daitezkeen
herritarrak erakartzea.
Hauteskundeen ondoriozko lehiak ezberdintasun ideologikoetatik haratago
doazen aurkakotasunak eta zatiketak sortarazten ditu eta, horren ondorioz, argi
dago gizarte zibilaren berpiztea ezin dela alderdi politikoetatik bakarrik
etorri. Alderdi politikoek eta gizarte erakunde guztiek herritarrak
gizarteratzearen aldeko etengabeko lana egiten dute, baina zerbait gehiago
behar da gizartea dinamizatzeko.
Ezer baino lehen, kontuan hartu behar dugu euskal gizartea dinamizatzeko euskal
herritarrak dinamizatu behar ditugula. Euskal herritarrak dinamizatzeko gure
asmo hori zehazteko orduan, ez dugu erakunde publiko edo pribatuen
interesetatik bakarrik abiatu behar, batez ere herritarrek beraiek dituzten
beharrak eta asmoetatik baizik. Batez ere, lau osagai hauek hartu behar ditugu
kontuan:
A. Herritarrak dinamizatzen
hasteko, gizartean lanean dauden ekimenetatik aparte, parte hartzen hasteko
aukera erraztuko dien tresna / sare bat behar dugu eta hori da, hain zuzen,
EUSKARRI Sarearen helburua.
B. Sare horren betebeharreko
baldintza izan behar du inoren aurkako tresna ez izateak. EUSKARRI Sarean
bazkidetzen direnek ez dute sentitu behar bazkidetzeak berak inoren aurkako
jarrera dakarrenik. Horretarako, oso tresna anitza izan behar du.
C. EUSKARRI Sarean parte
hartzeko herritarrei eskatuko zaien konpromisoa ahalik eta txikiena izango da.
Hortik aurrera norberaren esku egongo da, bakoitzaren gogo eta gaitasunen
arabera, parte hartze handiagoa izatea ala ez izatea.
D. Sarea ez da publikoki
azalduko Aurkezpen honetatik kanpoko ideiak, proposamenak edo iritziak
zabaltzen. Eta gizartean lanean diharduten ekimenen lehiakide izan gabe, horien
harrobi edo laguntzaile izan behar du.
TELEGRAM:
https://t.me/euskarri
|