Adimen Politiko eta Estrategikoa

BREXIT-AREN IKASGAIA
AUDIOA: https://youtu.be/HhkMr7Doa_Y
TESTUA (PDF): https://yadi.sk/i/10Fu9QCrmvu6RQ
1. Brexit-a abian jartzeko prozesua burutzeak
une egokia dirudi horri buruz hausnartzeko. Batez ere, guretzat bereziki interesgarria
den ikuspegi batetik: "gure" hedabideek egin duten prozesu horren kudeaketa
hain zuzen. Euskal iritzi publikoa erabat baldintzatu duena, jakina.
2. Ez ditugu orain Brexit-ek Erresuma
Batuarentzat eta Europarentzat dituen abantailak eta desabantailak baloratuko.
Nahikoa da gogoratzea egon bazirela abantailak eta desabantailak.
3. Itxuraz prozesua amaituta dago. Hori, berez,
ezinezkoa zen gure hedabideentzat, aho batez iragarri zutenak pentsaezina zela
Brexit-a onartua izatea.
4. Gure hedabideen arabera ere, eta ziurtasun
osoz, berehalako hondoratze sozial eta ekonomikoa izan behar zen Brexit-a
Erresuma Batuarentzat. Eta ez da horrela izan. Errealitateak erakutsi du
prozesua posible zela, britainiar iritzi publikoa gehienbat alde zegoela eta ez
zela inondik inora erokeria bat.
5. Gure hedabideek Brexit-aren aurka aho batez
eta itsu-itsuan hartutako jarrera bereziki
harrigarria zen kontuan hartzen badugu horren inguruan erabilitako argudioak
zenbateraino ziren Kataluniako "Procès" delakoan edo Eskoziako
erreferendumean erabilitakoen berdintsuak. Elkartasunik eza, eromen ekonomikoa,
ekonomiaren berehalako hondoratzea, etab. Baina argudio horiek beraiek,
harrigarriro, kontrako zentzuan interpretatzen zituzten euskal hedabideek:
Brexit-ean elkartasunik eza zena ez zen Katalunian edo Eskozian.
Zentzugabekeria ekonomikoa edo Europar Batasunetik kanpo Erresuma Batuan gertatu
behar zen hondoratze ekonomikoa, oinarririk gabeko argudioak ziren Kataluniako
eta Eskoziako prozesuetan.
6. Jakina, logikoa da herrialde bateko
hedabideak Brexit bezalako mugimendu politiko garrantzitsu baten aldekoak edo
kontrakoak izatea. Harrigarria dena da prozesu honen aurkako adostasun itsua
eta haren aldeko edozein iritziren aurkako arbuio, mespretxu edo irain
sistematikoa.
7. Horrek guztiak erakusten digu, beste behin
ere, euskal hedabideek nazioarteko politikan objektibotasunez kokatzeko duten
zailtasuna. Mendebaldeko hedabide handiek helarazitako postulatu
"politikoki zuzenak" sistematikoki onartzea. Eta hau ez da garrantzi gutxiko
kontua.
8. Korporazio handien interesek definitzen dute
zer den eta zer ez den politikoki zuzena. Eta euskal hedabideek egiten duten
bezala irizpide horiei itsu-itsuan men egitea elite korporatiboaren menpe
jartzea besterik ez da. Berdin dio hedabide horiek beren burua ezkerrekotzat,
eskuinekotzat edo zentrokotzat hartzen duten. Izenak besterik ez dira. Izan
ere, oligarkia korporatiboaren agente leialak dira. Brexit-en eta korporazio
handientzat garrantzitsuak diren beste gaietan ere.