Enpresan Parte Hartzea
OINARRI KONTZEPTUALA
AUDIOA: https://youtu.be/P5iMTkquq1w
TESTUA (PDF): https://yadi.sk/i/-w8e8VcsFx4jCQ
1. Langileek enpresan parte hartzeari buruzko
eztabaida ez da batere berria. Bere jatorria langileen mugimenduaren hasieran
dago, kapitalaren eta lanaren arteko lehen liskarretan. XIX. mendearen
hasieratik, langileei enpresaren erabakietan edo horrek sortutako irabazietan
pisu handiagoa emateko proposamenak sortu ziren.
2. Langileen mugimendua berehala bideratu zen
estrategia sindikalistetarantz edo sozialistetarantz, enpresa-eredu nagusia
errotik aldatzea planteatzen zutenak. Enpresaburu-inbertitzailearen
titulartasunaren ordez langileen, kontsumitzaileen edo Estatuaren titulartasuna
ezarriz.
3. Era batera edo bestera, indar handiagoarekin
edo txikiagoarekin, kapitala-lana gatazkak gure egitura ekonomikoaren funtsezko
elementu izaten jarraitu du. Horrek azaltzen ditu inbertitzaileek eta
soldatapeko langileek enpresetan izan behar duten zereginari buruzko iritzi
ezberdinak. Bai eta enpresa-errealitatean horren inguruan egin behar diren
aldaketei buruzkoak ere.
4. Dena den, testuinguru horren barne, langileek
enpresan parte-hartze handiagoa izatea defendatzen duten posizionamendu
kontzeptualek askotariko azken helburuak dituzte.
5. Alde batetik, kapitala-lana gatazka berez
negatiboki baloratzen duten eta langileen interesak integratzen dituzten
enpresa-ereduen bidez gatazka hori arintzea bilatzen duten gizarte-sektoreak
ditugu. Hori izan liteke, adibidez, elizaren doktrina sozialaren posizioa.
6. Logikoa denez, jarrera teoriko horrek eragin
du, halaber, mugimendu sindikalak nolabaiteko mesfidantza izatea langileen
parte-hartzea bultzatzeko proposamenekiko, beldur baitira, hain zuzen ere, proposamen
horien benetako helburua sindikalismoa ahultzea ote den. Mesfidantza hori,
nolanahi ere, aldakorra da eta ez oso argia. Batzuetan, langileek enpresan
parte har dezaten bultzatzeko proposamen zehatzen aurkakoa da eta aldekoa bestetan.
7. Beste sektore batzuek uste dute parte-hartze
hori lehen urratsa dela lana enpresan erabakiak hartzeko sarbidean, prozesu
jarraitu baten barruan. Prozesu horren helburua ez litzateke kapitala-lana
gatazka arintzea, baizik eta langileei gero eta indar handiagoa ematea enpresaren
kontrolean.
8. Kasu batzuetan, Alemanian gertatu zen bezala,
langileek administrazio-organoetan parte hartzea funtsezko tresnatzat hartu zen
enpresa-oligarkiaren tentazio totalitarioak kontrolatzeko.
9. Teoria ekonomiko batzuek justifikatu egin
dute langileek enpresan parte hartzea kapitalismo aurreratuaren egiturazko
arazoei aurre egiteko tresna gisa. Horrela, Alemaniako kogestioa funtsezko
faktorea izango zen enpresa handien finantzarizazio-arriskua saihesteko,
herrialde anglosaxoietako ekoizpen-ehunaren funtsezko zati bat suntsitu duena. Inbertsioaren
beheranzko joera dute kapitalean intentsiboak diren enpresek eta, horri aurre
egiteko tresna interesgarria izan daiteke langileen parte-hartze kualifikatua. Eta
helburu antiziklikoa ere izan dezake enpresaren kudeaketan.