Gauza
onartua da, euskararen berezko egituraren ondorioz, hizkera inklusiboak ez
duela garrantzi handirik gure hizkuntzan. Hala ere, erdara ere erabiltzen dugu
euskaldunok. Hori dela eta, gai hori ere emakumeen emantzipazioaren esparruan
aztertzea komeni da.
Hedabideetan
eta eztabaida politikoan, oro har, nahiko onartua bada hizkera inklusiboaren
diskurtsoa, ez da gauza bera gertatzen kalean. Hainbat sektoreetan, moda
barregarritzat hartu ohi da, behin baino gehiagotan politikariak kritikatzeko
arrazoi edo aitzakia bihurtzen dena.
Hasteko,
hizkera sexistaren jatorri historikoa onartzea komeni da. Sexu bientzako plural
maskulinoa espainieran erabiltzearen jatorria, ziur asko, emakumeak historikoki
gizarteko bigarren mailan geratzearen ondorioa izan da. Bereziki deigarria da
hori espainieraren kasuan, sexu bientzako pluralerako sistematikoki maskulinoa
erabiltzen delako hizkuntza horretan (ez da frantsesaren kasua, bertako plural
horretarako “es” amaiera erabili ohi delako eta, jakina, euskararen kasua ere
ez da).
Baina
beste kontu bat da, eta beharbada garrantzitsuena, ea hizkera inklusiboak zein
punturaino emakumearen estatusa benetan aldatzeko aukera ematen duen.
Hasteko,
argi dago emakumeen estatusa eta egoera sozioekonomikoa ez dela zuzenean aldatzen
hizkera inklusiboaren ondorioz. Baina egia da ere esparru sinbolikoak interes
eta garrantzi handia izan dezakeela epe luzera, pixkanaka gizartearen bilakaeran
aldaketak gertatzen direla laguntzeko orduan.
Hori dena kontuan hartuta, argi dago, ikuspuntu kontzeptual batetik, hizkera inklusiboa positibotzat hartu behar dugula, emakumeen bazterketa historikoari aurre egiteko tresna gisa, batez ere espainieraz eta frantsesez, nahiz eta euskararen kasuan garrantzi handirik ez izan.
Hala
ere, balorazio positibo horrekin batera, funtsezkoa da hizkera inklusiboaren
garrantzia ondo kokatzea. Hau da, hainbat emakumeren erronka sozioekonomikoak
kontuan harturik, hizkera inklusiboari ez zaio eman behar benetan duen baino
garrantzi handiagoa. Bestela, ondorio negatiboak sortarazteko arriskuan egon
gaitezke. Gizartean horren aurka sortzen ari diren erreakzioengatik edo hizkera
inklusiboa diskurtso mediatiko eta sozialak desbideratzeko eta emakume eta
gizartearen funtsezko erronkak baztertzeko tresna edo aitzakia bihur
daitekeelako.
TELEGRAM: https://t.me/euskarri
|
ERAKUNDE LAGUNTZAILEAK: